Surfaz dakitenek diote, surflariak, batez ere, sentsazioetan oinarritzen direla olatu gainean aritzeko. Izan ere, teknikak bere lekua duen arren, kirolaria eta itsasoaren artean taula soil bat baino ez dago.
Baina, kirol gehienetan bezala, surfean ere teknologia hasi da bere bidea egiten, eta emaitza sentsore bidez kontrolatutako taula bat izan da. Tecnaliaren eta Pukasen elkarlanaren bidez, surflarien sentsazioak eta mugimenduak datu bihurtzen dituen surf-ohola garatu dute. Surfsens da asmatu berri duten taula.
Aritz Aranburuk oinetan darabilen surf-ohol hau berezia da. Itxuraz ohikoa dirudien arren, barrualdea gailuz eta kablez betea du.
ARITZ ARANBURU; surflaria: Pukaseko probatzailea: Eta niri jakinaraziko dit gutxi gorabehera taularen ze puntutan egiten dudan presio gehien aurreko hankarekin, atzeko hankarekin, zenbat flexatzen duen taula bakoitzak egiten dugun maniobraren arabera, eta... Esaten dizudan bezala, gauza oso berri bat da niretzat, baina nire surfa hobetzen laguntzen duena, eta oso gustura!
Surf-ohol hau bi helburu lortzeko diseinatu dute: surflariaren teknika ikertzeko eta oholen ekoizpena hobetzeko datuak biltzeko.
Surfsens izena jarri diote, eta Tecnalia eta Pukasen elkarlanetik sortu da. Surf-oholari buruzko datuak nahi zituzten Pukasen, zenbakitan jarri olatuaren gaineko sentsazioak, eta Fatronik-Tecnaliakoengana jo zuten.
JOHNNY CABIANCA; Pukas: Neurtu nahi genuen, baina nola? Horretarako Fatronikeko maisuengana jo genuen. Kontrolez jositako taula bat egiten ari gara surf modernoan garrantzizkoak diren gauza guztiak neurtzeko.
Ohol honek Aritz Aranbururen eta beste surflari batzuen mugimendu guztiak jasoko ditu; ze abiadura izan duen une bakoitzean eta bira egitean oinak non zituen jarrita ere gordeko du.
Neurketa batzuekin oholaren portaera mekanikoari erreparatu nahi izan diote.
URKO ESNAOLA; Tecnalia: Adibidez, surflari bat olatu bat jaisten ari denean, behera iristen denean taulari esfortzu bat eragiten dio gora egiteko. Orduan, garrantzizkoa da jakitea nolakoa den esfortzu horren erantzuna, nola egiten den goraka indar handiz ateratzeko edo hor geldirik geratzeko, adibidez. Horretarako, egin duguna da galga extensiometrikoko sentsore batzuk ipini taularen azpiko partean; eta horiekin neurtzen duguna da taularen flexioa, nola doan deformatzen denborarekiko direkzio batean, eta baita tortsioa ere.
Surflariaren eragina neurtzeko gailuak ere jarri dituzte. Olatuaren indarrak mugitzen du ohola, eta, horrenbestez, olatuak eragindako esfortzuak ditu. Baina surflaria da oholari gehien eragiten diona; haren oinek presioa egiten diote mugimenduak eta maniobrak kontrolatzeko. Horregatik, oinek uneoro zer egiten duten jakitea berebizikoa da.
URKO ESNAOLA; Tecnalia: Hanken posizioa eta zer indar ematen ari zaion une bakoitzean surflaria. Horregatik, presio-sentsore batzuk jarri genituen. Eta horiek doaz taularen gaineko partean.
Eta, bukatzeko, jakin behar duguna da taula zer egiten ari den une bakoitzean. Taularen posizioa une bakoitzean, ze abiadura hartzen ari den, ze azeleraziorekin egiten dituen maniobrak eta abar. Eta, horretarako beste sentsore batzuk ipini ditugu.
Gailu-multzo horrek jasotzen dituen datuak batuta une bakoitzean oholari buruzko informazio osatua lortzea da asmoa. Datu horien interpretazioa eginda, surflariak egiten duen mugimendu bakoitzean taularen gune kritikoa zein den ezagutzea da helburuetako bat.
Halako datu-multzoa osatzeko, ordea, gailu asko sartu behar zaizkio oholari: kableak, sentsoreak, bateriak... eta horiek guztiek astunagoa egiten dute ohola. Pisua mugarria da.
URKO ESNAOLA; Tecnalia: Pukasekoekin elkartu ginen, eta taula baten gainean ipintzen hasi ginen osagai guztiak, eta taula ez zen ikusten ia. Dena kablez beteta, dena osagaiz betea zegoen. Orduan, haiek beldurtuta zeuden. Haiek esaten zuten "baina nora goaz pisu horrekin?". Eta, orduan, bada, lan dezente egin behar izan dugu pisua ahal den guztia kentzeko. Osagai guztiak desmuntatu ditugu, konektore guztiak kendu ditugu, kableak banaka soldatzen joan gara.
JOHNNY CABIANCA; Pukas: Atleta baten taulak ezin ditu bi kilo eta erdi baino gehiago izan. Baliteke taula honek bi kilo eta zortziehun edo hiru kilo izatea. Baina tipo horrek taula hartuko du eta erabili egingo du, gure saiakera aintzat hartuko duelako. Ezingo du bere trebeziaren ehuneko ehuna atera, taula mugatua delako, baina egiten duen apurrarekin nahikoa izango dugu emaitzak ikusteko. Taula hau Aritz Aranbururentzat pentsatuta dago, edo Hodei Collazorentzat; horien neurriak ditu.
ARITZ ARANBURU; surflaria: Guretzat garrantzitsuena da taula eskuetan hartzean taula standard baten forma eta pisua edukitzea. Gehienbat ez duzulako nahi sistema bat jartzen diozulako pisu gehiegi hartzea. Eta horretan uste dut oso ondo ibili garela: pisu pixka bat hartu du taulak, normala den bezala, gauza berriak sartu dizkiogulako; baina, bestalde, nik uste dut taula normal batean bezala surfeatzeko gai izan garela, eta hori da garrantzitsuena guretzat.Zarauzko hondartzan estreinatu dute Surfsens taula. Izen handiko hainbat surflari bildu dira taula probatzeko asmoarekin: Aritz Aranburu, Hodei Collazo, Kepa Acero, Mario Azurza... Hotz egiten du, baina itsasora sartzeko desiratzen daude denak.
Zarauzko hondartzan estreinatu dute Surfsens taula. Izen handiko hainbat surflari bildu dira taula probatzeko asmoarekin: Aritz Aranburu, Hodei Collazo, Kepa Acero, Mario Azurza... Hotz egiten du, baina itsasora sartzeko desiratzen daude denak.
ARITZ ARANBURU; surflaria: Kontuz ibili behar da pixka bat, ezta? Lehenengo aldiz zer edo zer probatzen denean... begira egon naiz ea dena ondo zihoan, baina bigarren olatuaren ondoren ikusi dugu dena ondo zihoala, eta gustura. Egur pixka bat gehiago emateko gai izan gara.
Maniobra ikusgarriak egin ahala, surf-oholeko sentsoreak neurketak egiten ari dira. Eta, aldi berean, datuak oholaren ordenagailura doaz. Surf-saioa bukatuta, uretatik ateratakoan, WiFi konexio baten bitartez pasatzen dira datuak Tecnaliakoen ordenagailu eramangarrira.
Lehenengo proba hau ongi joan da. Etorkizunari beste begi batzuekin begiratzeko aukera dute orain.
JOHNNY CABIANCA; Pukas: Etorkizunean lehengaiaren ordezko bat bilatu beharko dugu. Zerbait ekologikoagoa. 50-60 urte daramagu poliuretanoarekin, beira-zuntzarekin eta poliesterrarekin. Gure planetarentzat egon litezkeen toxikoenak! Kirol hau naturala dela esaten dugu, baina taulen ekoizpena toxikoa da oso, bai planetarentzat eta baita lantzen dugunontzat ere: laminatzaileak, lixatzaileak, shaperak... Hemendik ateratakoekin, agian, ingurumenarentzat hain kaltegarria ez den lehengaia topatuko dugu.
Pablo 2012/05/19
Son UNOs copiones de tables de surf