Eneko Akarregi da gure gaurko kirolari protagonista. Eskalatzailea eta eskalada-teknikaria da, baina, paretan gora ibiltzeaz gainera, Euskal Herriko Unibertsitatean Etnomotrizitateari buruzko tesia garatzen ari da. Motrizitateak edo gorputzaren mugimenduek erabateko lotura dute gizarte bateko ohiturekin eta hezkuntzarekin, eta horixe aztertzen du Etnomotrizitateak. Besteak beste, Kirol-jarduera bakoitza egiten den testuinguru kulturala. Izan ere, gizarteak dituen ezaugarrien ispilu da kirola.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Euskal Herrian afizio handia dago eskaladarako, mendirako...Rokodromoen aldetik, zer moduz dago ekipatuta Euskal Herria? Asko daude? Gehiago behar dira?
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Bueno, galdera asko dira bata bestearen atzetik. Badira rokodromoak, eta gero eta gehiago. Jendeak gogoa dauka rokodromoan aritzeko, eskalatzeko. Eta, orduan, leku askotan ari dira rokodromoak zabaltzen eta berriak egiten. Azken batean, entrenamenduaren zati bat egiten da rokodromoan. Gogoz kontra ez, baina normalean nahiago izaten da harkaitzean aritzea, eta rokodromoa erabiltzen da sasoia hobetzeko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Alde handia dago harkaitzean ala horrelako gune artifizial batean eskalatu?
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Azken batean, rokodromo bat leku teknologiko bat da, eta harkaitzean eskalatzea eta rokodromoan eskalatzea erabat desberdina da. Ezin daitezke konparatu.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Teknika, adibidez, desberdina da?
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Bai, eta batez ere interpretazio-teknika. Hemen fisikoki oso indartsu jar daiteke pertsona bat, eta harkaitzean igartzen da gero; transferentzia bat dago. Baina harkaitzean eskalatzen duzunean, ingurunea lehenengo aldiz ikusten duzunean, interpretatu egin behar duzu. Eta hemen ez da hori gertatzen. Rokodromoan helduleku bat hemen daukazu, hurrengoa hor...
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Oso nabarmenak dira, gainera.
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Bai, kolore hauek jarraitzen joango naiz eta kito. Harkaitzean ez dago halakorik. Galdetzen duzu: “non dago helduleku bat?” Eta galdera horri jarraituz joaten zara pausoz pauso eskalatzen.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Heldulekuak aipatu dituzula, zer materialetakoak izaten dira?
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Erretxinaz eta hareaz eginikoak izaten dira. Hemengo lehenengo rokodromoetan egurrezkoak izaten ziren. Gaur egun, hauen ekoizpen-prozesua oso garatua dago, eta gehienak material honekin egiten dira.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Ehundura latza izaten dute, ezta? Haitzarenaren antzekoa.
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Latza baino gehiago, hori da, haitzaren antzekoa izatea bilatzen dute. Heltzen duzunean oso desberdina ez izatea harkaitzaren aldean. Eta laztasun apur bat ere bai, bertan itsatsita geratzeko. Tekniketako bat itsaspena da, eta aprobetxatu egin behar da rokodromoan ere, harkaitzean eskalatzearen sentsazio bertsuak izateko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Nola daude finkatuta heldulekuak hormara?
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Heldulekuak normalean torloju batekin finkatzen dira. Helduleku guztiek zulo bat dute, eta neurri bereko torloju batekin lotzen dira. Horretarako prestatzen dira: zuloan eraztun txiki bat daukate, zirrindola txiki bat, indar handiagoarekin eusteko hormara. Badira beste helduleku txikiago batzuk, hauek bezala, gabilla batzuekin lotzen direnak hormara. Eta horrek beste helduleku-mota batzuk jartzeko aukera ematen du. Horrez gain, badira honen moduko beste helduleku batzuk, handiak. Bertan beste helduleku txiki batzuk jar daitezke. Hau jarri den moduan, beste hau bere lekuan jar daiteke, eta, horrela, aukera desberdinak dauzkagu heldulekuaren tamaina eta forma aldatzeko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zenbat pauso, mugimendu, behar izaten dira lehiaketan bide bat osatzeko?
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Txapelketa desberdinak daude. Boulderrean mugimenduak finkatuta daude: gutxienez hiru eta gehienez hamabi. Kontuan izan behar da altuera txikian ibiltzen direla, 3-6 metro bitartean ibiltzen baitira. Baina zailtasun-txapelketetan 15-16 metrotaraino igo daitezke, eta hor zenbat pauso behar diren? Bada, hormak ematen duen beste.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta lotuta doaz eskalatzaileak?
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Hor ere bereizi egin behar dugu. Boulderrean aritzen direnek segurtasunerako koltxoia erabiltzen dute, altura txikitik erortzen direnez...
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Orduan ez daramate sokarik.
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Hori da. Horman gora doazenek bai, arnesa daramate eta arnesari lotuta, soka, segurtasuna bermatzeko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Nola lortzen da bide bat zailagoa egitea? Zer faktore izaten dira kontuan?
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Hor badira bost aldagai ekipatzaileak kontuan izaten dituenak. Zailtasunaren zentzua barneratua izaten du, baina bost aldagai dauzka erabiltzeko. Bat, hormaren inklinazioa. Horma honen inklinazioa handiagoa denez atzeko horma horrena baino, zailtasuna handiagoa izango da. Indar handiagoa egin beharko dugu eusteko. Bigarren aldagaia heldulekuen arteko distantzia da. Zenbat eta distantzia handiagoa, mugimenduak esplosiboagoa, indartsuagoa, izan beharko du batetik bestera egiteko. Eta horrek zailtasuna handitzen du. Hirugarrena norabidea da, hau da, helduleku batetik bestera dagoen norabidea gorantz izan, albotara izan... angelua bidearen osagaietako bat da. Laugarrena heldulekuaren tamaina da: zenbat eta txikiagoa izan, gehiago kostatuko da heltzea. Hau, adibidez, oso ongi heldu daiteke; baina hemen daukagun txiki hau heltzea gehiago kostatuko da. Horrek zailtasuna igotzen du. Eta, azkenik, heldulekuaren forma. Eta hori ezin daiteke neurtu. Beste guztiak neurgarriak dira, baina hau ez. Izan daiteke forma honetakoa (atzamarrak sartzen diren formakoa), izan daiteke eskua oso ongi sartzen den forma honetakoa, edo izan daiteke beste forma honetakoa: hemen ez dago leku zehatz bat heltzeko, helduleku kamutsa da, atzamarrak ezin daitezke sartu eta helduera ere oso desberdina da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zailagoa.
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Hori da. Bost aldagai horiek erabiltzen dira.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta altuerak eragin psikologikorik badu?
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Noski, altuerak badu eragin psikologikoa. Mugimendu oso zail bat egiten duzunean hemen behean, metro batera edo bira, konfiantza duzu erortzean minik ez duzula hartuko. Hogei metrora ere ez daukazu minik zertan hartu, baina badakizu akatsen bat egiten baduzu hegaldi bat daukazula, sokatik zintzilik geratuko zarela, eta horrek badauka bere eragina.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Azalpen hauek guztiak eta gero, galdera bat gelditu zaigu egin gabe: zer da rokodromo bat?
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Rokodromo bat, azken batean, eskalatzeko gune teknologiko bat da. Guk eraikitakoa alternatiba moduan harkaitzean eskalatzea ezinezkoa zaigunerako. Horixe da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eskerrik asko, Eneko!
ENEKO AKARREGI; eskalada-teknikaria: Zeuei!