Lurzoru kutsatuak garbitzeko, nanopartikulak aplikatzen ari da Tecnalia
Bilboko ezkerraldea. Garai bateko industria-jardueraren aztarnak ikusten dira han. Siderurgia, metalurgia, papergintza, kimika eta abar luzea. Denek kutsadura sortu dute modu batean edo bestean, eta, lekua utzi ondoren, erabili duten lurzoruan geratu da kutsadura.
Horrelako ehunka orube daude sakabanatuak euskal geografian, eta orain, beste erabilera bat eman nahi bazaie, ezabatu egin behar da kutsadura hori behar da.
Azken urteotan lur kutsatua atera eta zabortegietara eraman dute. Hau da, lekuz aldatu dute kutsadura.
Tecnalia lekuan bertan aplikatzeko teknika garatzen ari da, eta burdinaren nanopartikulak erabiltzen dituzte kutsadura deusezteko.
EUNATE GOITI; Tecnalia: Egiten dutena da bere izaera aldatu. Adibidez, kromoa metal astuna da, eta Cr6 eran oso toxikoa da, eta oso mugikorra, gainera. Orduan, nanopartikulak egiten dutena da Cr6 Cr3 bihurtu. Kromo hau ez da toxikoa, eta ez da mugitzen. Hori nanopartikulen eraginagatik da.
EKAIN CAGIGAL; Tecnalia: Kasu bakoitza ezberdina da. Adibidez, disolbatzaile kloratuetan, burdinak kloroaren konposatu organikoa askatzen du. Horrela, molekula aldatu egiten da, eta arriskua galtzen du.
Eraldaketaren lehenengo urratsa nanopartikulak sortzea da. Horretarako, burdin-gatzaren konposatuak beste konposatu batekin, boro-hidruroarekin, nahasten dituzte, burdina 0 nanopartikulak lortzeko.
Baliozkoa den frogatzeko, substantzia toxiko batekin nahasten da, eta erreakzioa ikusten.
Emaitza ona bada, esperimentuetan erabilitako burdinaren nanopartikulek zer ezaugarri dituzten jakin behar da.
Edozein kutsatzaile indargabetzeko ere balio du Fe0k.
EKAIN CAGIGAL; Tecnalia: Burdina 0 oso moldakorra da, eta zenbait kutsatzailetan aplika daiteke: disolbatzaile kloratuetan, metal astunetan eta abarretan. Nanopartikula bakarra zenbait arazotarako konponbidea ematen ari zaigu. Orain arte, mundu osoan, horrelako esperimentuak burdina 0rekin egiten ar idira.
Burdina nanometrikoak azal espezifikoa du, eta oso aktiboki erreakzionatzen du kutsatzaileekin. Horrek esan nahi du kantitate txikia behar dugula erreakzioa eragiteko; beraz, kostuak gutxitzen ditugu ekoizpenean, injekzioan eta abarretan.
EUNATE GOITI; Tecnalia: Kimikoki erreakzioak desberdinak dira. Kasu batzuetan oxidazio-erredukzio erreakzioak dira, eta beste batzuetan liberatzen ditu, adibidez, organiko kloratuak kasuan. Kimika ezberdina da, baina, azkenean, lortzen duzuna da toxikoa ez den produktu bat.
Helburua da kutsadura desegitea, berriro itzul ez dadin. Nanopartikulen metodoa iraunkorra da, baita garbia eta azkarra ere.
EUNATE GOITI; Tecnalia: Guk egin ditugun frogak laborategian egin ditugu, eta ikusi dugu, adibidez, 5 minutuan erreakzionatu duela.
Beraz, lurzoruan injektatuz gero, substantzia toxikoa ez-toxikoa bihurtzeko epeak nahiko motzak dira.
EKAIN CAGIGAL; Tecnalia: Lurzoru bat garbitzeko zenbait hilabete beharko ditugu, garbitu nahi dugu lurzoruaren naturaren, kutsadura-mailen eta beste ezaugarri batzuen arabera. Beste teknologia batzuk erabiliz gero, hala nola biologikoak, askoz ere denbora gehiago beharko dugu, urteak, nahiz eta, behar bada, irtenbide iraunkorragoak izan.
Burdina 0k konponbide azkarra ematen digu; bizpahiru hilabetez edo, asko jota, 6 hilabetez hitz egiten ari gara.
Prozesuaren azken urratsean ari dira lanean Tecnalian: nanopartikulen zabalkundearen gaitasuna ikertzen. Nanopartikulak injektatu ondoren, lurzoruan zabaldu behar dute, ahal den eremu handienean eragina izateko.
EUNATE GOITI; Tecnalia: Hori oso garrantzitsua da. Nanopartikulak, bere ezaugarriengatik, bat besteagaz amiltzen dira, orduan, gure ikerketan orain nanopartikula horiek zelan isolatu edo aldatu aztertzen ari gara,, ez daitezen egon amilduta. Amilduta badaude, lurzoruan injektatzerakoan ez lirateke mugituko.
Estatu Batuetan eta Europan egin dituzte dagoeneko lehen esperientziak, eta behin-behineko ondorioak onak izan dira, baina oraindik ez dituzte behin betiko emaitzak.
Euskal Herrian, Tecnalia eta EHUko Kimika eta fisika sailaren arteko elkarlanean egiten ari dira proiektua, eta laster injektatzeko moduan egotea espero dute.