Nire izena Manuel Carreiras da. Basque Center on Cognition, Brain and Language-ko zuzendari zientifikoa naiz.
Pertsona elebidunen eta elebakarren burmuinen arteko desberdintasunak ikertzen ari gara, informazioaren prozesamenduari dagokionez. Gure burmuina oso plastikoa (¿) da, eta hizkuntza bat edo bi prozesatzeko gai da. Jakin nahi dugu zertan diren desberdin bi hizkuntzak txikia zarenean ikastea, hau da, amak euskaraz hitz egitea eta aitak, berriz, gaztelaniaz, eta euskara bigarren hizkuntza bezala ikastea. Horretarako, hainbat teknikaz baliatzen gara: erresonantzia magnetiko funtzionala erabiltzen dugu burmuineko zein gune aktibatzen diren ikusteko; magnetoentzefalografiak, aldiz, garunaren zein gune aktibatzen diren esateaz gainera, noiz aktibatzen diren esaten digu; kortex-potentzial ebokatuak ere erabiltzen ditugu, denbora-bereizmen handia dutelako; edo begiaren mugimendua jarraitzeko teknika, non makina batek milisegundo bakoitzean begia non dagoen esaten digun, eta, hala, aldagai jakin batzuk manipulatuta, zer gertatzen den ulertzen saiatzen gara.
Leku berezi batean gaudela esango nuke, bi hizkuntza oso desberdin elkarrekin bizi direlako. Euskararen ezaugarri linguistikoak eta gaztelaniarenak oso desberdinak dira, eta hori oso interesgarria da, hizkuntza burmuinaren plastikotasuna aztertzeko leiho bat baita. Gure ikerketak hain hizkuntza desberdinekin egin ahal izateak munduko beste laborategiek ez duten ikuspegi bat ematen digu.
Guk oinarrizko ikerketa egiten dugu. Nik adibide bat jarri ohi dut: autoa mekanikariarengana eramaten duzunekoa. Mekanikariak ez baditu autoaren osagaiak ezagutzen, autoa pizten ez bada, ea gurpilek ondo funtzionatzen duten begiratuko du, ea ateek, ireki eta ixterakoan, autoa piztean eraginik baduten... Baina autoa pizteko elementu garrantzitsuena bateria dela baldin badaki, mekanikariak egingo duen aurrenengo gauza bateriari begiratzea izango da. Horrek esan nahi du gure makinak nola funtzionatzen duen ulertzen badugu,hobeto konpondu ahal izango dugula.
Psikologia ikasi nuen Santiagon. Lizentziatu nintzenean, banekien ikerketa egin nahi nuela, eta La Lagunako Unibertsitatera joan nintzen tesia egitera. Han, kontratatu egin ninduten, eta Psikologiako katedradun izatera iritsi nintzen. Nire prestakuntza akademikoa hobetzen saiatu nintzen, zenbait unibertsitatetara joanez: Amerikako Estatu Batuetan izan nintzen, Massachussets Ahmerst unibertsitatean eta Oregonen; Australiara ere joan nintzen, New South Wales Unibertsitatera, eta, azkenik, University College of London-era.
Hau ez da zortzietatik hiruretara egiten duzun lan bat. Hemen ordu asko sartzen dituzu; batzuetan, asteburuak ere bai, baina lanak harrapatu egiten zaituelako da. Gehiago jakin nahi duzu, gauzek nola funtzionatzen duten ulertu nahi duzu. Zentzu horretan, lan desberdina dela esango nuke.
Uste dut lan hau ez dagoela nahikoa balioetsita, baina espero dut horrelako ekimenei esker etorkizunean hala egotea. Ekonomikoki ere ez dago balioetsita, baina beno, ez gaude hemen diruarengatik.
Alderik positiboena, benetan gozatzen duzuna, gauza berriak aurkitzea da. Azaldu ezinezko sentimendua da. Datu berriak topatzen dituzunean, inork inoiz ikusi ez duen zerbait lehen aldiz ikusten duzunean... momentu hori magikoa eta errepikaezina da. Nire ustez, hori da gure lanaren alderik onena.
Gure lanaren alderik txarrena ikusten ez den hura da: laborategian eta irakurtzen pasatzen ditugun orduak... Proiektu bat bidaltzen duzunean eta ukatu egiten dizutenean nahikoa ideia ona izan ez dela uste dutelako edo ez dagoelako ondo planteatuta. Edo sei hilabete eta urtebete bitartean artikulu batean lanean aritu ondoren, argitaratzen ez dizutenean.
Baina nik bizitzarekiko oso jarrera positiboa daukat, eta uste dut aurrez aurre begiratu behar zaiola. Tortillari buelta eman behar zaio, eta une txar horiek aurrera egiteko balioko duen olatu bat bihurtu.