CIC marGunek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak elkarlanean garatu duten teknologia bat aurkeztuko dizuegu.
Piezak hondatzen edo hausten direnean, pieza osoa ordeztu beharrean, hondatutako zatia laser bidez konpontzen dute. Laser Clading edo laser bidezko ekarpena izeneko sistemak materiala eranstea lortzen du, inolako arrastorik utzi gabe.
Milioika eurok zeharkatzen dute zerua hegazkin bat gure buru gainetik pasatzen den aldiro. Haren piezetako bakoitzak dirutza balio du, eta, puskatu edo hondatzen bada, ordezkatzea oso garestia da aire-konpainientzat.
Orain arte pieza horiek ez ziren konpontzen baina dagoeneko aeronautika-sektorean konponketa da aplikatzen ari diren irtenbidea.
Hondatutako piezak berreskuratzeko erabiltzen den sistema laser bidezko ekarpena edo laser cladding da, eta aukera berriak ireki dizkio aeronautikari.
Laser cladding sistemak oinarrizko bi osagai ditu, bero-iturri gisa erabiltzen den laserra bera eta gehitzen zaion materiala. Horretarako, soldatu daitekeen edozein materialaren hautsa erabiltzen da.
Laserrak konpondu nahi den pieza urtzen du, eta urtutako puntuan egiten da material-hautsaren ekarpena, bat egin dezaten.
ENEKO UKAR; UPV/EHU: Prozesuaren helburua da hautsetik abiatuta azkenean pieza bat izatea. Horretarako, laser bat erabiltzen dugu energia-iturri moduan, eta hautsa, partikula metalikoak. Laserrak urtzen duen puntuan sartzen dugu hautsa, eta horrekin lortzen dugu materialari bolumena ematea.
Hauts-ekarpena lortzeko, nahiko ekipamendu berezia erabiltzen da. Tailerrean daukagu hautsa sartzeko ekipamendu hori. Berez, hautsa gas batekin sartzen da, hodi batetik, eta hodi horretatik makinara bidali. Gero, makinatik pita batera bidaltzen da hautsa, eta pita horretatik, piezaren gainazalera botatzen da.
Laserraren bidez lortzen dugu nahiko puntu fokalizatu batean material-hautsa sartzea, eta horrela egiturak lortzen ditugu, geruzaz geruza ematen diogu bolumena. Horren bukaerako itxura ez da erabat ona, baina gero mekanizatu egiten da eta bere dimentsioak eman.
Laserra oso bero-iturri selektiboa da, eta oso azalera txikietan, ekarpenak egitea onartzen du. Ematen duen beroa hain da txikia, non posible baita soldadurekin egin ezingo liratekeen fusioak egitea, adibidez, pieza metalikoen gaineko estaldura zeramikoak. Baina nagusiki material termorresistenteekin erabiltzen da, adibidez, hegazkinak dituztenekin.
Piezak konpontzeaz gainera, laser-ekarpenak beste aplikazio batzuk ere baditu.
ENEKO UKAR; UPV/EHU: Badaude beste aplikazio batzuk; horietan egiten duguna da honelako material-eraztun handi bat hartu, diskoa esaten zaiona, aeronautika-industrian motorrak egiteko erabiltzen dena, eta disko horri materiala kentzen zaio, honelako euskarriak lortu arte. Horrek suposatzen du parte handi bat kendu behar dugula, eta materiala garestia da. Aukera bat izango litzateke materiala kendu beharrean, materiala sartzea. Horretarako, laser cladding sistema nahiko aproposa da. Hor materiala sar dezakegu, egiturak egin, eta gero, hemen, mekanizazio minimo bat egin, eta gure pieza lortzen dugu.
Teknologia hau erabat eraginkorra izan dadin, puzzle baten piezen antzera zehaztasun handiz elkartu behar dira jokoan dauden parametro guztiak, bai laserrarenak, baita gehitzen zaion materialarenak ere. Ezinbestekoa da hautsa botatzen duen pita eta laserraren fokua lerrokatzea, hauts-kantitate zehatza injektatzea edota laserraren potentzia doitzea.
Gaur egun, saiakuntzak egiten dira benetako piezarekin jardun aurretik, horrek dakarren denbora- eta diru-galerekin. Hala ere, batzuetan hori ezinezkoa da.
Irtenbidea prozesuaren modelizazioa da eta horretan ari dira lanean marGUNEN.
ENEKO UKAR; UPV/EHU: Prozesuaren modelizazioan lanean ari gara. Prozesuaren modelizazioa da aurretik erabakitzea zein izango diren parametro horiek hasierako esperimentuak egin gabe. Nahiko ideia ona da, baina nahiko konplexua. Hori da marGUNE barruan egin izan dugun lan garrantzitsuenetariko bat. Horretarako, batetik aztertu dugu zelakoa den partikulen eta gasaren fluxu hori guztia; bestetik, zelakoa den laserraren eta partikulen arteko interakzioa; bestetik, interakzio hori kontuan hartuta, zelan berotzen den materiala; eta, azkenik, ikusita zenbat material jausten den gainazalera, kalkulatu zenbat haziko den gure materiala. Horren eredua ia bukatuta dago; nahiko emaitza onak ditugu, eta espero dugu industriarentzat ere interesgarria izatea. Gaur egun, industriaren ikuspuntutik prozesuak daukan desabantaila handiena hori da, aurretik egin behar den esperimentazioa.
Teknologia hobetzeko lanean ari dira marGUNEko kideak, eta kontuan izanik beste herrialde batzuk aurreratuago daudela, elkarlanean ikusi dute indar nagusia.
IÑIGO LOIZAGA; CIC marGUNE: CIC marGUNEn dauden teknologia-zentroetan eta agenteetan, laser-teknologiari buruzko gure jakintza garrantzitsua zela ikusirik, pentsatu genuen berme osoz ekin geniezaiokeela teknologia horri.
Alemania edo Japonia bezalako herrien aldean urte batzuetako atzerapena genuenez, aurrera azkar egin ahal izateko eta helburuak bermatzeko ezinbestekoa zen elkarlanean aritzea. CIC marGUNE barruan dauden agenteen artean bitartekoak eta jakintza bagenituela ikusi genuen…
Modelizazioa ia bukatuta dago, eta horrek aurrerapen handia ekarriko dio balio erantsi handiko piezen konponketa eta berreskuratzeari.
Aeronautikaren sektorea da, epe laburrean, teknologia horretan interes handiena izan dezakeena, baina gero makina-erremintara edo garraioaren sektorera zabaldu ahal izango da.