Lurrikara, uholde, erupzio, tsunami eta antzekoak naturaren astindu bortitzak izaten dira. Haien aurrean, gizakia txiki bihurtzen da. Izan ere, nekez aurreikus daitezke horrelako fenomenoak, eta, ondorioz, eragiten dituzten txikizioak ikaragarriak izaten dira.
Fenomeno horiek aurreikustea zaila da, baina posible da, adibidez, olatu handi batek kostan izan dezakeen eragina aztertzea. Horixe egiten dute Santanderreko Ingurumen Hidraulikaren Institutuan: itsas fenomenoek kostan duten eragina aztertzen dute. Eta, horretarako, intentsitate ezberdinetako olatuak sortzen dituzte, besteak beste, han duten igerileku moduko tanke erraldoi batean.
Thailandia, 2004ko abenduaren 26a. Richter eskalako 9 puntuko itsaspeko lurrikara batek tsunami bat sortu zuen. 30 metroko olatuak kostara heldu ziren, eta sekulako txikizioa eta hondamendia eragin zuten.
Japonia, 2011ko martxoaren 11. Indar berdineko lurrikara batek 40 metro eta erdiko olatuak sortu zituen, eta harrapatu zuten guztia suntsitu zuten.
Itsasoaren indarrak ondorio latzak ekar ditzake, eta, ondorio horiei aurrea hartzeko, beharrezkoa da itsas fenomenoek kostan izan litzaketen eraginak ezagutzea.
Santanderreko Ingurumen-hidraulikaren Institutuan CCOB (hau da, Cantabria Coastal and Ocean Basin) egitura eraiki dute, hiru sistema integraturen multzo bat, eragin horiek ikertu eta aztertzeko. Sistema horiek froga teorikoak eta praktikoak egiteko aukera ematen dute, olatuek talka egiten dutenean zer gertatzen den aztertzeko.
Hego Amerikako kostaldean eraiki nahi duten portu baten maketa da hau. CCOBko olatuen tankean eskualde hartako itsas hondoa erreproduzitu dute zehaztasunez, eta gainean eraiki dute maketa.
Portua eraiki aurretik, zer ahaulgune dauden jakin nahi da, akatsak zuzentzeko. Horretarako, itsasoak egoera desberdinetan nola eragin diezaiokeen aztertuko dute.
Olatu-tanke honek 30 metroko luzera du, 44 metroko zabalera eta 3’2 metroko hondoa. 5 milioi eta erdi litroko edukiera du. Kantitate hori beharren arabera egokitzen da.
Inma Alvarez; Elhuyar Fundazioa: Olatu-tanke hau da zuen altxorrik preziatuena. Nola egiten dituzue olatuak?
Pedro Lomonaco; CCOB: Olatu-tanke bat da. Neurri handiko olatuak egiteko egitura handi bat da. Gure harribitxia da duen kalitatearengatik eta gaur egun dagoen modernoena delako; momentu honetan, munduan ez dago egitura honen gaitasunak eta teknologi aurreratua dituen egiturarik. Gainerakoek beste garaietan egiten ziren gauzak dituzte; guk horiek hartu, optimizatu eta hobetu egin ditugu, eta hau da emaitza.
Olatuak egiteko, tankeak hiru osagai ditu. Azpian dagoen motorra eta megawatt bateko potentzia du.
Egitura, metro erdiko zabaleta eta 4 metro eta erdiko altuera duten 64 palaz osatuta. Edozein olatu mota egin dezakete.
Eta kontrol-sistema, hau da atzetik dagoen eragiketa-zentroa. Bertatik egiaztatzen da palak behar den lekuan daudela une oro. Egiaztapenak 200 aldiz segundoko egiten dituzte.
Itsasoko baldintzak zehaztasunez erreproduzitzeko, tankeak aukera ezberdinak eskaintzen ditu.
Pedro Lomonaco; CCOB: Olatuak ez ezik, korronteak ere egin ditzakegu olatuekin, olatuen aurka eta olatuetan zehar.
Eta, gainera, haizea sor dezkegu tresna harekin. Beraz, olatuak eta korronteak ditugu eta haizea sor dezakegu.
Guk sentitzen dugun haizea eta neurtzen duguna, normalean, uniformea da, intentsitate-fluktuazioak dituen arren.
Haizagailuek forma helikoidala duen haizea sortzen dute. Arazo hori saihesteko, haize-tuneletan haizea sortzen da, eta gero, ganberetan baretu egiten da, berdindu eta abar. Tankean haize-kalitate hori izan nahi genuenez, haize-tunel txiki bat eraiki dugu horretarako.
Behar dugunean, dagokion altueran kokatzen dugu eta nahi dugun noranzkoa ematen diogu. Orduko 72 kilometroko haizeak neurtu izan ditugu, eta haize horiek,1:10 eskalan, orduko 230 kilometroko haizeen antzekoak ziren.
Olatuek maketaren dikearen aurka talka egiten dute, eta saiakuntzan egituraren ahulguneak ikusten dira.
Inma Alvarez; Elhuyar Fundazioa: Geruzak kolore ezberdinez margotzen dira olatuen eragina ikusteko; kasu honetan, barran.
Pedro Lomonaco; CCOB: Dikea eskolan eraikitzen dugu zehaztasun handiz, baita harri-lubeta eta egitura bereziak ere. Ez bakarrik tamaina, haien pisua eta egonkortasuna ere bai. Haien artean bereizteko, erabiltzen dugun harri-lubeta bakoitza kolore batez margotzen dugu.
Margo-geruza oso leuna da haien artean itsas ez daitezen, hori ez bailitzateke errealista izango, eta nahi duguna da ikusi ea baten bat mugitzen den ala ez. Adibidez, hango puntutxoak irauli diren harriak dira.
Irauli diren harriek ez diote olatuen indarrari eutsi; beraz, dikea indartu egin beharko da puntu horretan.
Tanke honetan dena eskalan egiten da. Palek metro baterainoko olatuak egin ditzakete, baina tamaina hor une bakoitzean erabiltzen ari den eskalara egokitu behar da, eskalan izango lukeen tamaina jakiteko. Hala, tsunami baten intentsitatea ere erreproduzi daiteke.
Pedro Lomonaco; CCOB: Laborategian tsunamiak oso modu berezian sortzen dira: olatu bakar bat egiten da palen aurreranzko bat-bateko mugimendu batekin. Horrek leku asko eskatzen du…
… Egin izan ditugu saiakerak jakiteko zein izan daitezkeen tsunami baten indarraren ondorioak, baina, normalean, saiakera horiek, lehenik, olatu-kanalean egiten ditugu.
Kanala han ikusten duguna da, amaitzeke dago, eta hemen egiten ditugun olatu berdinak egin ditzakegu han, urlasterrekin, eta, gainera, tsunami oso handiak egin daitezke, olatu bakartiak, tsunami askoz handiago bat simulatzen dutenak.
Esku artean duten azterketan ez dute hain olatu handirik behar, halakoak ez baitira ohikoak portu-egitura hau eraiki behar duten eskualdean.
Saiakeren emaitzek erakutsiko dute non indartu behar den dikea eta non arindu behar den, baita zer pieza mota erabili behar den harri-lubeta eraikitzeko.
Itsasoak egitura batean duen eragina aztertzeko saiakerak egin ahal izateak aukera ematen du arazoak aurreikusteko eta sortu baino lehen konpontzeko.