Interneten menpekotasuna gainditzen
Londresko Capio Nightingale ospitalean terapia berri bat proposatzen dute, Interneten menpekotasuna duten nerabeak tratatzeko; izan ere, menpekotasun horrek arazo larriak sor ditzake gazteen bizitmoduan.
Tratamentuaren oinarria Internetekin lotura ez duten gizarte-ekintzak indartzean datza, eta, aldi berean, sarean dauden arriskuei, batez ere ziberjazarpen edo ciberbullying delakoari, aurre egiteko estrategiak lantzean.
Terapiaren helburua da nerabeen konfiantza handitzea bizitza errealeko harremanetan , eta lagundu egiten die joko elektronikoen saio luze baten ondoren sortzen den energia eta asaldu-egoera kudeatzen.
Niloko sukarraren birusa
Galtzeko arriskuan dagoen eguzki-arrano iberiarrari eta beste zenbait hegazti harrapariri sintoma neurologikoak eragin eta heriotza ekar diezaiekeen Mendebaldeko Niloko sukarraren birusa, beharbada, modu iraunkorrean dagoMediterraneoko mendebaldeko herrietan, eta gerta liteke e noiz behinka, gaitzaren agerraldiak eragitea, Espainiako INIA Nekazaritza et Elikadura Ikerketa eta Teknologia Institutuko ikertzaile talde baten arabera.
Infekzio-eragile horrek, hegaztiez gainera, gizakiak eta zaldiak ere hunkitzen ditu, eta gaitz neurologikoak sortzen.
INIAk uste du Mendebaldeko Niloko sukarrak Europan duen hazkundeakLurraren berotzeak eltxoetan duen eraginari lotua dagoela: hau da, birusa transmititzen duten eltxoak luzeago irauten dute urtean zehar, eta transmisio-zikloa areagotu egiten dute.
Haur oldarkorrak
Euskal Herriko Unibertsitateko Aranzazu Bellido psikologoak doktore-tesi bat egin du, eta egiaztatu du haur oldarkorren atzean familiarteko giro negatiboa dagoela.
Bellidok Bilboko 251 familiatan egin zituen inkestak, eta haurren portaera bortitzaren eta haur horiek bizi diren famialia-giroaren artean lotura dagoela ondorioztatu du.
Indarkeria erabiltzen duten haurrak familia gatazkatsuetatik etorri ohi dira, Bellidoren ikerketaren arabera.
Olagarroen aitatasun anizkoitza
Santiago de Compostelako Unibertsitateko biologoek aurkitu dute olagarroek aitatasun anizkoitza dutela. Emeek kopula batean baino gehiagotan jasotzen dituzte espermatozoideak, eta 10 hilabetez baliagarri izan ditzakete beren barnean.
Zientzialariek egindako ikerketaren arabera, arrek aldatua dute hirugarren eskuin-garroa, eta emeari espermatozoide-multzoak pasarazteko erabiltzen dute, eta, bide batez, aurretik beste ar batek utzitakoak kentzen saiatzeko.
Dena den, aurreko kopuletatik beti zer edo zer geratzen da emearen barruan; beraz, ar batek baino gehiagok ernal ditzakete errutaldi bereko arraultzak.