Annick Laruelle, Ikerbasqueko ikerlaria. 1967/09/19, HUY (Belgika).
Kaixo, Annick Laruelle naiz. Ikerbasqueko ikertzailea naiz, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Enpresa eta Ekonomia Zientzien fakultatean lan egiten dut 2008az geroztik. Frantziar doinu berezi honek nire belgikar jatorria salatzen du. Edonola ere, nik esango nuke jadanik apur bat Portugaletekoa banaizela.
Ingeniaria naiz. Lovainako Unibertsitatean ikasi nuen, eta horregatik gustatzen zaizkit hango zubi ederrak. Ekonomiako doktoregoa egin nuen Lovainako Unibertsitatean bertan. Doktoratu ostean, Euskal Herriko Unibertsitatean egon nintzen; ondoren, Alacanteko Unibertsitatean; eta, ondoren, Caeneko Unibertsitatean, Normandian. Ikerbasqueko lanpostu hauek irten zirenean, aukera ona zirela pentsatu nuen, eta hemengo jendearekin lan egingo nuela, eta... hemen nago.
Jokoen teoria eta hautaketa soziala ikertzen ditut. Erabaki kolektiboak hartzeko mekanismoak aztertzen ditu hautaketa sozialak. Hau da, jendearen nahiak batzeko araurik onenak zein diren. Jokoen teoriak elkarrekintza eta jokaera estrategikoak daudenean jendeak hartzen dituen erabakiak aztertzen ditu. Ezaugarri hori duten egoera asko daude. Hau da, alde biak hobeto leudeke jarrera edo egoera aldatuta, baina aldebakarreko erabakiekin ez dute lortzen. Gerra hotzean horixe gertatu zen.
Ni neu ez naiz kexu, baina, oro har, kirolarekin alderatuz, esaterako, zientzia ekonomikoki zein sozialki gutxi baloratzen dela uste dut. Maila handiko kirolarien izen asko esan ditzake jende gehienak, baina maila handiko zientzialari edo Nobel saridun gutxi batzuk aipa ditzake. Nire ustez, ordea, zientzia ere liluragarria da.
Lan guztiak bezala, hobe da hau ere pasioz egitea. Ardura handia eskatzea izan daiteke berezko ezaugarria. Zaletasuna eragiten du, eta, batzuetan, behar bada, menpekotasuna ere bai. Hau da, zerbaitetan lanean zabiltzanean, ordu asko eskaintzen dizkiozu, eta gai bati buruzko gogoeta edonon egin dezakezu, ez bakarrik lanorduetan eta bulegoan. Edozein momentutan eta edonon jarraitzen duzu erantzun nahi dituzun galderei buruz pentsatzen.
Bidaia asko egiteko aukera izan daiteke lan honen alderik onena. Bidaiatu, beste herrialde batzuetan bizi, kultura ezberdinak ezagutu, bazter guztietako jendea ezagutu... Eta hori oso aberasgarria da.
Frantsesez esaten dugun moduan, hautatzea zerbaiti uko egitea ere bada. Agian dantzaria izan nintekeen, edo abeslaria. Hala ere, esperientzia honen ondoren, ez dut uste aktore-lanerako gai naizenik.
José Carlos 2010/11/30
Enhorabuena por esta entrevista tan personal.