Urteak daramatza Europar Batasunak Satelite Bidezko Nabigazio Sistema garatzen, Galileo sistema alegia, baina datorren hilaren 20an, ostegunean, urrats garrantzitsua emango dute. Sistemaren lehen bi sateliteak jaurtiko dituzte espaziora. Eta, pixkanaka-pixkanaka, sistema hori 30 satelitez osatutako konstelazio edo sarea izango da.
Beste zerbitzu batzuen artean, GPSak bezala, non gauden eta norabait joateko zer bide egin behar dugun esango digu; baina zehaztasun handiagoarekin. Sistema martxan jartzeko urteak beharko badituzte ere, gaur Jesus Arregi astrofisikariak zalantza guztiak argituko dizkigu.
Azken ukituak ematen ari dira; egun handia ate-joka dute. Soyuz jaurtigailua zain dago, eta lehen bi sateliteei azken azterketak egiten ari zaizkie. Egun gutxi barru, Europako Batasunak satelite bidez nabigatzeko sortzen ari den Galileo sistema berriko lehen bi sateliteak jaurtiko ditu Guyana Frantsesetik espaziora, Lurretik 24.000 kilometrora.
GPSaren antzera, Europak martxan jarriko duen sare berriak kokapena izango du ardatz. Tresna batek zuzenean jasoko du satelitearen seinalea, eta erabiltzaileari une oro non dagoen esango dio.
Baina GPSa baino zehatzagoa izango da. Izan ere, orain martxan dagoen sistemak baino satelite gehiagorekin egingo du lan.
JESUS ARREGI; astrofisikaria (UPV-EHU). Edozein unetan edozein garraiobidek lau satelite horiekin lan egiteko aukera du. GPSak, ordea, normalean hiru sateliterekin egiten du lan. Eta laurekin lan egiteak egiten du posible zehaztasun handiago hori lortzea.
Espaziora jaurtiko diren lehen bi sateliteak 30 satelitez osatuko den konstelazio baten abiapuntua dira. Guztiak hiru orbitatan kokatuko dira, hamar satelite orbita bakoitzean. Horietatik bederatzi lanean egongo dira, eta bat erreserban egongo da.
JESUS ARREGI; astrofisikaria (UPV-EHU): GPSaren sateliteen orbitak ia ekuatorialak dira, eta, hori dela eta, Iparraldeko eta Hegoaldeko latitude handi samarretan estaldura ez da egokia. Aldiz, Galileo sistemaren sateliteak 56 graduko hiru planotan daude orbitan, eta horrek ia erabateko estaldura ematen du, satelite gehiago baitira.
2005ean eta 2008an jaurti ziren espaziora, proba moduan, Galileoren lehen bi begiak: Giove A eta Giove B. Bi satelite horiek eman dituzten emaitzak ikusita, urrats bat egin, eta Galileo konstelazioari ekin dio Europako Espazio Agentziak.
Punta-puntako teknologiarekin dago osatua satelite bakoitza. Bi hegaletan eguzki-plakak dituzte, energia hartzeko, eta barruan ordenagailu bat dute, Lurrarekin harremanetan egoteko.
Baina erloju atomikoak dira satelite bakoitzaren zatirik garrantzitsuena, pentsatzeko garuna. Oso garrantzitsua da denbora doitasun handiz neurtzea. Kotxean goazenean, gure GPSak edo Galileok seinalea bidaltzen dio sateliteari, eta, ondoren, sateliteak, berak, guri bidaltzen digu mezua. Gailuaren eta satelitearen arteko elkarrizketa sortzen dela esan daiteke.
JESUS ARREGI; astrofisikaria (UPV-EHU): Oso azkar doaz seinale horiek, argiaren abiaduran, segundoko 300 mila kilometroko abiaduran. Oso denbora laburrak dira. Denbora horretan akats txiki bat egiten badugu, argiaren abiaduraz biderkatu behar denez, oso errore handia ematen digu posizioan.
Guk, jakina, kotxean ezin dugu erloju atomiko bat eraman, neurketa horiek behar bezala egiteko. Horrenbestez, Galileo sistemak, nolabait, oso-oso sarri reseteatzen (berrabiarazi) du gure kotxeko aparatua, denbora-erroreak ahalik eta txikienak izan daitezen.
Kokapena ez da eskainiko duen zerbitzu bakarra. Izaera zibileko satelite bidezko nabigazioak Lurreko txoko eta bazter guztiak aztertuko ditu zehaztasun osoz.
JESUS ARREGI; Astrofisikaria (UPV-EHU): Posible da, adibidez, itsasoaren mailaren kontrola eramatea, edo sumendiena. Gorabehera txikiak detektatu ahal izango ditu, eta horrek posible egin dezake, adibidez, erupzioak iragartzea, baita failen egoeraren posizioa kontrolatzea ere, oso zehaztasun handiko neurketak egin daitezkeelako.
Galileo satelite bidez nabigatzeko sistema desmilitarizatzeko giltzarekin iritsiko da zerura. Gaur egun martxan dagoen GPS sistema Amerikako Estatu Batuetako armadaren menpe dago. GLONASS sistema errusiarra ere militarren esku dago.
JESUS ARREGI; astrofisikaria: Sistema hau erabat helburu zibiletara bideratuta dago, eta horrek badu bere garrantzia. Edozein gatazkaren aurrean, militarrek oso zorrotz jokatzen dute, eta gaur egun garraiobideetako profesional askorentzat arazoa izango litzateke lehengo ohiko sistematara itzultzea.
Antzeko egoera batek eragin handia izango luke ekonomian. Izan ere, Europako Batasuneko produktu gordinaren ia % 6 GPSa erabiltzen duten sektoretatik lortzen da.
Orain merkatuan dauden seinale-hartzaileek ezingo dute Galileorekin nabigatu. Hala ere, agendan azken orduko aldaketarik ez badago, 2014rako 18 satelite egongo dira Lurrari biraka, eta ordurako prest egongo dira lehen gailuak. Seinale-hartzaile berri horiek GPSaren eta Galileoren uhinak jasoko dituzte aldi berean.
Atzerako kontaketa hasi da.