Espainiako Antropologia Fisikoaren Elkarteko presidenteak giza dibertsitatearen zergatiak erakarrita, hamarkada luzeak eman ditu euskal populazioak aztertzen eta une honetan obesitatea ikertzeari bideratu ditu bere ahaleginak. Gaixotasun guztiz soziala dela adierazten duen arren, gizentasuna paiaratzeko erabakigarria den generan bat ba ote dagoen ikertzen ari da Kale Dor Kayiko ijitoen elkartearen laguntzarekin.
"Kaixo, Esther Rebato Ochoa naiz. Biologia Zientzietan doktorea naiz, eta Antropologia Fisikoa irakasten dut EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean. Espainiako Antropologia Fisikoaren Elkarteko presidentea eta Europako Antropologia Elkarteko kide ere banaiz.
Biologia Zientzietan, ekosistemen adarra ikasi nuen, eta Antropologia Fisikoa espezializazioa egin nuen. Irakasgai horrek aztergai ditu giza populazioek denboran eta espazioan izan duten aldakortasuna eta horren arrazoiak.
Beti erakarri nau jakiteak zergatik dauden pertsona desberdinak: zergatik diren desberdinak, zergatik duten batzuk beste batzuen antza , zergatik dagoen jendea altua eta baxua, lodia eta argala, iluna eta argia… Horren zergatia jakin nahi nuen.
Boladaren araberakoa da unibertsitate-irakasle gisa egiten dugun lanaren balorazioa. Egun batzuetan baloratuta sentitzen gara. Ikasleek klase on bat eman duzula esaten dizutenean edota ikasle ohiek maitasunez gogoratzen zaituztela esaten dizutenean. Ikertzaile gisa proiektu bat jasotzen duzunean edota egindako lana aldizkari garrantzitsu batean argitaratzen duzunean ere bai. Oro har, ingurukoek baloratzen gaituzte, denok arlo berean lan egiten dugulako. Dena dela, ez dakit gizarteak baloratzen duen egiten dugun ikerketa.
Denok giza espezie berekoak gara. Denok Homo sapiens gara. Hori horrela izanik, dibertsitatea aztertu nahi dugu. Zerk eragin duen populazio batzuk altuak, baxuak, gizenak izatea, eritasunak hartzeko joera izatea; baina aldakortasun horren arrazoia genetikoa den ere jakin nahi dugu, edota inguruak eta alderdi sozial eta kulturalak eragiten ote duten jakin. Horrek bereizten du gure espeziea.
Txurdinagara goaz orain, Kale Dor Kayiko ijitoen elkartera. Azken urteetan aztertzen ari gara ijito-etniako pertsonen gain gizentasunak duen eragina. Ijitoengan eragin handia du loditasunak, eta jakin nahi dugu jateko ohituren eta egoneko bizimoduaren ondorioa den, edota gaitza garatzeko erabakigarria den generen bat ote duten.
Ikusi nuen maila sozioekonomiko handia duten populazioak argalagoak direla, eta maila sozioekonomiko txikiagoa duten populazioak gizenagoak direla. Ijito-populazioa oso itxia da; beren arauak dituzte ezkontzeko ere. Antropologiaren ikuspuntutik, oso interesgarria da arautik kanpo dauden populazio horiek ikertzea; izan ere, gure inguruan daude, baina isolaturik.
Ikusi dugu gizentasun-tasa oso handia dutela. Espainiako populazioaren batezbestekoa % 18koa bada, haien artean % 50era ere iristen da. Eta horrek eritasun kasuen kopuru handiagoa eta hilkortasun handiagoa dakar. Ijitoek berek esan digutenez, populazioaren gehiengoak baino bizi-kalitate txikiagoa eta bizi-esperantza txikiagoa dute.
Ikertzaileei beti galdetzen zaie zertarako balio duen beren lanak. Badirudi ez duela balio epe motzean, unibertsitatean egiten den ikerketa oinarrizkoa delako. Baina oinarrizko ikerketa funtsezkoa da, jakintzak aurrera egin dezan, eta etorkizunean aplikazioak izan ditzan.
Dena dela, gizentasunari buruz egiten ari naizen ikerketak eritasun hori hobeto ezagutzen laguntzen du. Gaixotasun guztiz soziala da. Oinarri genetiko batzuk baditu, baina bizimoduak asko eragiten dio. Bioantropologiaren ikuspuntutik, aztarnaren bat eman diezaguke prebenitu ote daitekeen jakiteko.
Unibertsitateko irakasle-lanaren burokrazia da gutxien gustatzen zaidana. Unibertsitatea burokrazia erraldoia bihurtzen ari da.
Ikasleekin dugun harremana da unibertsitateko lanbideak duen gauzarik onena. Horrek gaztetu egiten gaitu, beti dago ikasteko gogoa duen jendea eta. Bizirik dauden populazioekin lan egiteak pertsona-aniztasun handia, maila sozial ezberdineko jendea ezagutzeko aukera ematen du. Unibertsitateko irakasleek kongresuetara joateko aukera ere badugu, beste unibertsitate batzuetan klase ematekoa, beste herrialde batzuk ezagutzekoa, asko irakasten dizuten irakasle oso onak ezagutzekoa.
Nire ustez ez da beste lanbideak baino bereziagoa; beste edozein lanbide bezain duina da. Baditu abantaila batzuk ordutegiaren aldetik, eta askatasuna, katedra-askatasuna. Oro har, inork ez dizu esaten zer ikertu, nahiz eta beti dauden gida-lerro batzuk. Beste edozein lan bezalakoa da, ez dut uste berezia izan behar duenik, inolaz ere ez".