Europan, energiaren kontsumo arrazionala bultzatzen egiten duten hainbat ekimen eta teknologia erakusten ditu Futuris erreportaje honek.
Europarrok asiarra edo hegoamerikarrak baino lau aldiz energia gehiago kontsumitzen dugu, eta kontsumo horren % 30 gure etxeetakoa da. Zehatzagoa izatea ere badago: etxean erabiltzen den energiaren % 16 alferrik galtzen da. Posible al da egoerari buelta ematea?
Erantzun baten bila, Erresuma Batura iritsi gara lehenik, Manchester hirira.
Hiri honetan zientzialariak eta teknikariak energia aurrezteko lanean ari dira. Baina ez dute nahi etxez aldatu eta ekologikoa den beste batera alda gaitezen, ezta geurean obrak egin ditzagun edo kontsumo baxuko etxetresna elektrikoak eros ditzagun.
Etxean zenbat energia eta nola xahutzen dugun uler dezagun nahi dute. Bizi-ohiturak ikertzen ari dira.
Pukul Rana; Dehems proiektuaren koordinatzailea: Dehems proiektuaren helburu nagusia jendearen ohiturak aldatzea da, etxean energia beste modu batean alda dezan eta jasotzen duen informazioa modu egokian erabil dezan.
Proiektu arduradunek eta etxejabeek kontsumoari buruzko informazioa denbora errealean jasotzen dute neurgailu gutxi batzuei esker.
Pukul Rana; Dehems proiektuaren koordinatzailea: Etxe osoko elektrizitate-kontsumoa neurtzeko oinarrizko gailu bat dugu, baina baita etxetresnen eta entxufearen artean jartzen diren beste neurgailu batzuk ere, energia-kontsumoaren xeheago ezagutzeko.
Fionak elektrizitate-kontsumoa neurtzeko oinarrizko sistema dauka etxean, eta, orain, gas-kontsumoa neurtzeko beste bat instalatzen ari da. Nahikoa, dioenez, bere ohiturak aldatzeko.
Fiona Nicholls; etxejabea: Uste dut hobeto egiten ari naizela gauzak. Orain kasu handiagoa egiten diet lehen ia erreparatzen ez nien etxetresna batzuei, ikusi dudalako uste nuena baino energia gehiago gastatzen dutela. Neurgailurik ez banu izan, ez nukeen ezer egingo.
Fionak etxetresna elektriko bat pizten duenean, zenbat energia kontsumitzen ari den ikus dezake monitorean, eta zenbat kostatzen zaion egunean eta hilean. Sistema erabili eta gero, ez du zalantzarik.
Fiona Nicholls, etxejabea
"Erabil daitekeen teknologiarik sinpleena da. Erabiltzen jarraituko dudala erabaki dut. Proiektukoek uzten badidate, neurgailu batekin geratuko naiz; bestela, erosi egingo dut".
Pukul Rana, Dehems proiektuaren koordinatzailea: Egin ditugun azterketen arabera, ikusten dugu sistema probatzen ari den jendeak % 8 energia gutxiago kontsumitzen ari dela. Proiektuaren bukaerarako kopuru hori bikoiztea espero dugu, edo baliteke % 20ra iristea ere.
Baina, etxearen portaera aldatzerik izango genuke? Erantzuna Alemanian dago, Mannheim hirian. Ikerlari-talde bat Europako Batasuneko beste proiektu batean ari da lanean, eta helburua elektrizitatearen erabilera kontrolatzea da.
Nagy jauna lanetik bueltan dator etxera. Kanpoan egon den arren, energia aurreztu du, etxe adimenduna duelako.
Anke Weidlich; Smart House/Smartgrid proiektua: Etxean jartzen den ordenagailu adimendu bat dugu eta hark kontrolatzen ditu etxetresnetako batzuk, garbigailua edo hozkailua adibidez. Ordenagailuak etxetresna horiek abian jartzeko une egokienak hautatzen ditu.
Garbigailua prest uztea nahikoa da. Ordenagailuak piztuko du elektrizitatearen prezioa txikiagoa denean, edo Nagy jaunak, internet-en prezioak begiratu eta gero, agindua ematen dionean.
Robert Nagy; etxejabea: Sistema honekin etxetresnak erabiltzeko modua aldatu dugu. Ez ditugu lehengo orduetan erabiltzen. Orain elektrizitatea merkeen dagoen orduetan erabiltzen ditugu, dirua eta energia aurreztuz.
Auzotarrak baino energia berriztagarri gehiago ere erabiltzen du Nagy jaunak, ordenagailuak jartzen dituelako martxan etxetresna elektrikoak sarean iturri berriztagarrietatik eratorritako elektrizitatea dagoenean.
Anke Weidlich, Smar House/Smartgrid proiektua: Haize handia dabilen egun bat edo eguzkiak gogor jotzen duen egun bat irudika dezakegu. Horrelakoetan energia berriztagarri ugari egongo da sare elektrikoan, eta merkeagoa izango denez, une horietan komeni da martxan jartzea etxetresna elektrikoak. Garatzen ari garen sistemak hor jartzen du arreta.
Etxeetako batzuk ekoizten duten eguzki-energia kontrolatzeko gai ere bada sistema. Gehiegi ekoizten bada, bertan kontsumitzea lortzen du.
Anke Weidlich; Smar House/Smartgrid proiektua: Teilatuan eguzki-panelak badituzu, gaur egun ekoizten duzun hori elektrizitate-enpresari saltzen diozu. Baina beste modu batera ere egin daiteke. Posible da energia hori auzoan geratzea, edo une horretan energia gehiago behar duten auzotarrei saltzea".
Beraz, posible al da gure etxea sare elektrikotik deskonektatzea. Erantzuna Lavrion dago, Atenas hegoaldean.
Eraikin berezia da hau, erabiltzen duen energia guztia eguzkitik eta haizetik datorrelako. Ez du sare elektrikoaren energiarik erabiltzen.
Ioannis Paspaliaris, Atenasko Unibertsitate Teknikoa: Hemen dugun arazo nagusia zera da: energia berriztagarriek ez dutela beti energia ekoizten, eta ez dutela, gainera, beti modu egonkorrean ekoizten. Batzuetan gehiago ematen dute, beste batzuetan gutxiago. Hortaz askotan ez datoz bat eraikinak sortzen duen eta erabiltzen duen energia. Gehiegi sortzen duzunean, soberakina duzu, eta gutxiegi sortzen duzunean, eraikinean bertan biltegiratutako energia birziklatua erabili behar duzu.
Energia hori biltegiratzeko bateriek toki handiegia hartuko lukete, eta bateriek, gainera, ez dute asko irauten. Irtenbide gisara, gehiegizko energia hori elektrolisi bidez hidrogeno bihurtzea izan da.
Stefano Carosio; H2Susbuild Proiektua: Hidrogenoaren ideia ekoitzitako eta erabilitako energiaren balantzetik dator, energia hori hidrogeno forman metatzeko aukeratik. Gero, hidrogeno hori, erregai-pila baten bidez elektrizitatea edo beroa ekoizteko erabil daiteke.
Ioannis Paspaliaris, Atenasko Unibertsitate Teknikoa
"Elektrizitatea edo beroa ekoizteko erabiltzen denean, hidrogenoak ez du berotegi-efektuko gasik sortzen. Erretzen denean edo erregai-pila batean erabiltzen denean, ura baino ez da sortzen"
Energia biltegiratzeko sistema hau, etxe batetik eraikin-bloke batera eraman nahi da orain, edo, zergatik ez, auzo batera.
Ioannis Paspaliaris; Atenasko Unibertsitate Teknikoa: Etxean energia gutxi erabiltzen bada, hidrogenoaren sistema hobeto ibiliko da. Izan ere kontsumoa txikia denean, hura asetzeko energia-beharra txikiagoa eta merkeagoa izaten da.
Gakoa, beraz, energia zentzuz erabiltzea da.