Hezur-muinaren emaile izateko jarraitu beharreko prozesua, kasu gehienetan, oso erraza da, odola ateratzekoarekin antza handia du. Baina, datuek diotenaren arabera, 5000 emailetik batek bakarrik lortuko du benetako emaile izatea, gaixoren batekin bateragarria izatea, alegia. Horregatik da hain garrantzitsua ahalik eta emaile gehien egotea, barietate genetiko askotako hezur-muinak egon daitezen.
Leuzemiak, linfomak, gamapatiak, aplasiak... ez dira ohiko gaixotasunak. Larriak dira, ordea. Eta, gehienetan, sendabide bakarra hezur-muin transplantea da. Beste muturrean, mundu osoan, 19 milioi lagunetik gora dago hezur-muina emateko prest. Baina ez dira nahikoak. Hartzailearen eta emailearen hezur-muinek bateragarriak izan behar dute, genetikoki oso antzekoak. Horregatik behar da ahalik eta emaile gehien, ahalik eta barietate genetiko handiena izateko aukeran.
Maitek eta Oihanek ez dute hezur-muin transplante baten premiarik. Alderantziz, osasuntsu daude, eta jakitun dira beren hezur-muineko zelula batzuk nahikoak izan daitezkeela gaixoren bat sendatzeko. Odol-emaileak eta organo-emaileak dira ama-alabak, eta, ondo pentsatu eta gero, hezur-muina emateko prest daudela sinatuko dute gaur; horrela, hezur-muin emaileen munduko erregistroan sartuko dira.
MAITE LETE: Nire gizona zen gehien komentatzen zuena: “Organo-emaileak gara, odol-emaileak gara... eta hau zergatik ez?”. Odola ematera joan izan garenetan informazioa eskatu izan dugu, eta komentatu ere egin izan dugu hango jendearekin. Eta orain dela sei bat hilabete serio planteatu genuen, eta esan ziguten zer pauso eman behar genuen, norekin kontaktatu...
OIHANE LASA: Azkenean, ama animatu zen, aitak ere gogoa zeukan baina ezin zen egin, eta esan nuen: ni gaztea naizenez, ba, aurrera!
Emaile egin aurretik, hezur-muina emateari buruzko informazio argia jasotzen dute. Izan ere, hezur-muina ematearen inguruan hainbat uste oker daude, besteak beste, hezur-muina eta bizkarrezur-muina nahasten dira.
SABIN URCELAY; Transfusio eta Giza-Ehunen Euskal Zentroa: Zalantzarik baduzue?
MAITE LETE: Zalantza baino gehiago, ni harrituta geratu naiz pentsatzen nuelako proba hau egiteko estrakzio bat egin behar zela eta ez zela hain sinplea, odola ateratzea besterik ez.
SABIN URCELAY; Transfusio eta Giza-Ehunen Euskal Zentroa: Bi tubo txiki. Guretzat horrekin nahikoa da.
MAITE LETE: Nik uste nuen lehenengotik, lagina hartzeko ere bizkarrezurrera joan behar zela zuzenean eta iruditzen zitzaidan oso gauza serioa, konplikazioren bat sortu dezakeen zerbait izango zela lehenengo pauso horretan. Eta ez da horrela, inondik inora, eta nik uste dut jendeak hori ez dakiela.
Emaileari bi hoditxo odol besterik ez zaizkio ateratzen. Egunen batean eman behar izanez gero ere, ohikoena aferesi bidez egitea da, odola ematearen antzeko prozesu bat.
Maiteren eta Oihaneren odolari tipajea egingo diote. Hau da, genetikoki sailkatuko dituzte HLA geneen haplotipoen arabera, eta sailkapen hori izango da hezur-muin emaileen erregistroan sartuko dena.
Lehenengo pausua odoletik DNA erauztea da; gainerakoa ez da behar, odol-zeluletako material genetikoa baino ez. Garai batean, eskuz egin beharreko lana izaten zen, gero prozesua automatizatu egin zen, baina biologia molekularreko laborategi gutxi batzuen esku zegoen teknologia hori. Gaur egun, mundu osoko laborategietan daude analisi genetikoa egiteko tresnak.
DNA erauzi ondoren anplifikatu egin behar izaten da, ugaritu. Izan ere, odol-laginetik ateratako DNA-kantitatea ez da nahikoa azterketarako. Halako analisietan funtsezkoa da laginak ez kontaminatzea, eta hartzen dituzten neurrieetako bat da azterketako pauso bakoitza gela bereizi batean egitea, tresneria eta material bereiziarekin.
DNA anplifikatu ondoren, analisi genetikoa egiteko prest dago. Hainbat aparatu dituzte horretarako, baina helburua, kasu guztietan, bat da: bateragarritasunaren ezaugarriak ematen dituzten HLA geneen sekuentziazioa, basez base. Sekuentzia horren arabera sailkatuko dituzte Maite eta Oihane emaile gisa.
Berez, egoera ideala da anai-arreben artean HLA identikoa den bat topatzea. Baina hori lau gaixotik batek bakarrik du. Gainerako kasuetan, senitartekoa ez den emaile bat bilatu behar da, munduko erregistroan HLA bateragarria den emaile bat.
Egunen batean Maiteri edo Oihaneri deitzen badiote gaixo batek bere muina behar duelakoan, berriro ere prest daudela adierazi beharko dute, eta HLA geneen analisi finagoak egingo dizkiete, bateragarritasuna ia erabatekoa dela ziurtatzeko. Hala bada, normalean, aferesi bidez egiten da. Odola beso batetik atera eta bestetik sartuko diote. Bidean, odola aferesi-makina batetik pasatuko da, zelula amak erauzteko.
Izan ere, normalean, hezur-muina bera ez ezik, hezur-muinean dauden zelula amak behar ditu gaixoak. Zelula ama horiek progenitore hematopoietikoak dira, hau da, odol-zelulak horietatik abiatuta sortzen dira, eta odol-zelulekin lotutako gaixotasunak dira hezur-muin berri bat behar dutenak sendatzeko. Emaileak tratamendu bat jasotzen du hezur-muina eman aurretik, zelula amak ugaritzeko eta hezur-muinetik odolera pasatu daitezen.
SABIN URCELAY; Transfusio eta Giza-Ehunen Euskal Zentroa: Hiru ordutan nahiko muin ematen duzu. Erraz, odol-emaileen artean egoten zara. Eta badakizu zure muina pertsona bati helduko zaiola. Ez dakizu nori, baina badakizu gaixo bat dagoela zure muinaren zain eta zeu zarela munduan lagun diezaiokeen bakarra.
Kasu berezi batzuetan, gaixoaren medikuak beharrezkoa ikusten badu, hezur-muina bera erauzi beharko zaio emaileari. Hori bai, kirurgia-gelan egiten da, anestesiaren eraginpean. Puntzoi batzuen bidez atze-aurre gandor iliakoak zulatzen dira, eta behar adina hezur-muin erauzten da xiringaz. Kantitatea hartzailearen pisuaren araberakoa da.
Gutxitan gauzatzen da ematea. Erregistroan sartzen diren 500 emailetik batek baino ez du gauzatzen ematea. Baina, hala ere, konpromiso handiko erabakia da.
OIHANE LASA: Garbi daukat. Niri horrelako zerbait gertatuko balitzait, nahiko nuke jendea ni laguntzeko prest egotea. Horregatik, ni ere prest nago, bizitza bat salbatu behar badut, gustura!
Gaur egun transplante gehiago egiten dira erregistroetako emaileen bidez senitartekoen artean baino. Horregatik, ezinbestekoa da mundu osoko ospitale, administrazio eta erregistroen arteko koordinazioa, eta, nola ez, borondatezko emaile altruisten ekarpena.