Neguan kirola egitea maite dutenek badakite elur-jausiak direla parean izan dezaketen arriskurik handiena. Eta, horregatik, ezinbestekoa da elurra ondo ezagutzea, neguan mendira joan nahi dutenentzat. Meteorologiaren ezagutza, beharrezko diren aurreikuspenak egitea eta, noski, material egokia eramatea funtsezkoa dira, horrelako egoera bat ekiditeko edo elur-jausi batetik bizirik ateratzeko.
Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak 60 urte daramatza mendi-ekimenak bultzatzen, eta, aurten ere, elur-jausiei buruzko ikastaro bat antolatu du. Martin Elorza mendiko gida profesionalak eman dizkigu jakin beharreko aholku guztiak.
Martin Elorza, UIAGMeko mendi-gidaria:Beldur handia pasatzen da, lurra zure azpian mugitzen dela ikusten duzu, eta, konturatu gabe, behera zoaz. Baina, hain azkar doa dena, nahiz eta jakin zer egin behar den, oso zaila da momentu horretan egitea. Orduan, hobe urrutitik ikustea.
Martin Elorza mendiko gidari profesionala da, eta orain dela bi urte elur-jausi batek harrapatu zuen Europako mendietan.. Mendia, sakanak, izotz-eskalada eta eskia ditu, besteak beste, pasio eta lanbide.Elurraren arriskuak ondo ezagutzen ditu, norberak bizitakoak izaten baitira ikasgai onenak.
Martin Elorza, UIAGMeko mendi-gidaria:Lehenengo prebentzioa formazioa da, ikastea. Horrela, behintzat, mendian goazenean, zer begiratu behar den jakingo dugu.
Hondartzan egingo dute elur-jausiei buruzko ikastaroaren ataletako bat. Elurraren truke hondarra aldatu dute; gertutasun kontua baino ez da. Han probatuko dituzte elur-jausietan lagungarriak izan daitezkeen zenbait aparatu, elur-uholde ikaragarri batek harrapatuz gero, zer egin jakitea ezinbestekoa baita.
Martin Elorza, UIAGMeko mendi-gidaria: Lehenengo, motxila eta behera eramaten zaituzten gauza guztiak gainetik kentzen saiatu behar da. Motxila badaukazu, motxila kendu, eta eskiak, bastoiak... ahal duzuna. Eta igeri mugimenduak egin behar dira, kanpoaldean gelditzeko, nahiz eta gero elurrak behealdera eramango zaituen; baina behintzat gorago gelditzen bazara, erreskatea errazagoa izango da.
Erreskate-lanetan, zunda, ARVA eta pala dira behar beharrezko materialak. Zunda aluminiozko makila bat da. Erreskate batean biktima non dagoen zehaztu dugunean , aluminiozko zunda elurretan sartu eta harrapatutako pertsona zein sakoneratan dagoen jakiten lagunduko digu.
Baina, horretarako, lehenik, elur-jausiak harrapatu duen mendizalea non dagoen jakin behar dugu. Eta lan horretan ARVA ezinbesteko tresna da, elur-jausi batetik bizirik ateratzen lagunduko diguna.
Martin Elorza, UIAGMeko mendi-gidaria: aparatu elektroniko bat da, eta uhin batzuk emititzen ditu. Eta, haien artean, aparatu batek emititu egiten du eta besteek jaso egiten dute. Aparatu batek bi gauzak egiten ditu.
Uhin elektromagnetikoak igortzeko eta jasotzeko gaitasuna duten aparatuak dira.
Mendira goazenean, uhinak igortzeko funtzioan jarri behar dugu gure ARVA, elur-jausi batek harrapatzen bagaitu, ingurukoek gure uhinak jaso ditzaten.
Elur azpian harrapatuta dagoen pertsona bat erreskatatu nahi badugu, berriz, aparatua uhinak jasotzeko funtzioan jarri behar dugu.
Martin Elorza, UIAGMeko mendi-gidaria:Garrantzizkoena da arroparen azpian eramatea. Horrela, elur-jauziak harrapatzen bagaitu, ez digu aparatua kenduko.
Martin eta Carlos irakasleek bi ARVA aparatu ezkutatu dituzte hondarretan, elur-jausi batek harrapatutako mendizaleak izango balira bezala.
Orain ikasleen txanda da. ARVAk uhinak jasotzeko moduan jarri, eta biktimen bila.
Martin Elorza, UIAGMeko mendi-gidaria:Gaur egun datu hauek ematen dizkigu: zenbat metrora dagoen pertsona hori, edo, gehiago badaude, ba guztiak; normalean, aparatuak gertuen dagoenaren datuak markatzen ditu. Zenbat metrora dagoen, eta zein norabidetara jo behar dugun haren bila joateko.
Aparatuak 50 metro inguruko distantzian jaso dezake seinalea. Biktima urrunago badago, aparatuak ez du seinalerik jasoko, eta noraezean ibiliko gara.
Harrapatuta dagoen pertsonarengana gerturatu ahala, jasotzen dituen uhin elektromagnetikoak entzun eta ikusteko moduko seinale bilakatzen ditu ARVAk.
Aparatua digitala bada, pantailan azaltzen da biktimaraino dagoen metro kopurua. Gezi argiztatu batek jarraitu beharreko norabidea ere adieraziko digu. Gerturatzen goazen heinean, gainera, aparatuak emititzen duen soinua azkartzen joango da.
ARVA batzuek biktima bat baino gehiagoren seinalea jaso dezakete aldi berean. Eta aparailu modernoenek biktimen taupadak ere helarazten dituzte, bizirik ala hilik dauden jakiteko.
Martin Elorza, UIAGMeko mendi-gidaria: Zenbat denbora daukagun? Ba gutxi. Lehenengo 20 minutuetan, jende gehiena bizirik atera da. Eta 30 minututik aurrera, 10etik 2 aurki litezke bizirik.
Topatu dute elur-jauziak harrapatu duen mendizaleetako bat. Zundarekin zein sakoneratan dagoen ikusi ostean, pala hartu eta erreskateari ekiteko unea da.
Baina ARVA ez da elur-jausiei aurre egiteko merkatuko aparatu bakarra.
Alemaniar jatorrikoa da ABS izeneko motxila hau, eta oso bestelako funtzioa betetzen du elur-jausietan.
Felipe Jiménez, ABS:Itxuraz motxila arrunt bat da, baina alboetan bi aire-poltsa ditu. Aktibatzen ditugunean, puztu eta kanpora ateratzen dira. Horri esker, elurretan flotatu dezakegu.
Auto baten airbagaren antzeko funtzionamendua du. Kirtenean jaurtigairik gabeko bala bat dauka. Kirtenetik tira egiten dugunean, sugarrak gas-botila zulatzen du, eta, hala, bi airbagak zabaltzen dira (bakoitza 85 litrokoa).
200 mililitroko nitrogeno- edo argon-botila bat darama motxilak barnean. Baina, gas hori ez da nahikoa bi poltsa handiak betetzeko. Horregatik, motxilak balbula bat dauka, eta kanpoko airea baliatzen du airbagak betetzeko.
Elementu horiek guztiek pisua gehitzen diote motxilari. Horixe erabiltzaileen kexua.
Felipe Jiménez, ABS: Motxilak bi kilo eta erdi pisatzen ditu. Motxila arrunt batek baino gehiago, baina segurtasuna daramagu bizkarrean.
1995. urtean motxila merkaturatu zutenetik, gero eta jende gehiagok erabiltzen du elur-jausien kontrako neurri hori,, nahiz eta haren prezioa oraindik ere 800 eurokoa izan.
Felipe Jiménez, ABS: Biziraupen-datuei dagokienez, % 97 bizirik ateratzen direla dio Elurraren Institutuak. Biziraupen-datu izugarria da.