Elur-jausiak nola sortzen diren eta haien mekanika azaltzen duen bideoa.
Elur-jausiak zer diren hitzak berak adierazten du. Noiz eta nola sortzen diren jakiteak, ordea, luzeago jo lezake. Geruzaz geruza metatzen da elurra, eta geruzen arteko kohesio falta da elur-jausia gertatzeko faktorerik garrantzitsuenetako bat, baina ez bakarra. Malda handia izatea, noski, erabakigarria da. Zelaian ez da elur-jausirik gertatzen. Bi faktore horiei beste hauek gehitu behar zaizkie: maluten beren forma, zer dagoen elurraren azpian, tenperatura, haizea… Oro har, elur-jausia sortzen da geruza egonkorrak kanpoko elementu baten eraginez ezegonkortzen, puskatzen direnean. Udaberriko tenperatura epelak edota euria izan daitezke zergatia. Eragile horiek fusioko elur-jausiak sortzen dituzte, jausi pisuak eta abiadura mantsokoak. Era berean, elurte handi eta erori berriek elur-hauts jausiak sortzen dituzte mendi-hegaletan egonkortasunik aurkitzen ez dutenean, elur-jausi suntsitzaileenak. Orduko 200 kilometroko abiadurara irits daiteke aire eta elur-arin nahasketa, eta, ekaitz baten moduan, aurretik duen guztia txikitzen dute. Plakako elur-jausiak, azkenik, elur-geruzen arteko oreka hauskorra eteten denean sortzen dira, gehienetan pisuaren eraginez. Eski-istripu gehienak horrela gertatzen dira. Eta azken gauza bat. Filmetan maiz ikusten den arren, garrasiek ez dute elur-jausirik eragiten.