Ur izoztuetan murgilduz gero, hipotermia izateko arrisku handia dugu. Baina ez zaie gauza bera gertatzen Ipar poloan bizi diren animaliei.
Esate baterako, hartzen, pinguinoen eta foken ezaugarrietako bat da gantz-geruza bat izatea eta, horri esker, beroa mantentzeko gai izatea, nahiz eta leku hotzetan bizi edo bainatu.
Arrainetan, berriz, ez da horrelakorik gertatzen. Horiek ez dute gantzik babesteko, eta, hala ere, arin-arin mugitzen dira ur izoztuetan, izoztuak hiltzeko inolako arriskurik gabe.
Itsasoko ura -1,8 graduan izozten da, eta arrainen odola -0,9 graduan. Halere, Artikoko ur hotzetan bizi dira. Estrategia bitxia dute horretarako: izotzaren aurkako proteinak metatzen dituzte beren odolean.
Motaren arabera, arrainak proteina bat edo beste pilatzen du odolean helburu horretarako: hasi glukoproteinetatik peptidoetaraino, edo, besterik gabe, glukosa. Batzuk zein besteak, guztiak molekula organikoak dira. Horiei esker, lasai asko igeri egin dezake, baita ur hotzenetan ere.