Bilbotarra da gaur ezagutuko dugun zientzialaria, baina hamar urte luze eman ditu Estatu Batuetan bizitzen. Iaz itzuli zen Euskal Herrira, eta Ikerbasquen ikerlari moduan ari da lanean. Zelula arrunten eta minbizi-zelulen artean dauden ezberdintasunak aztertzen ditu, etorkizunean terapia berriak bilatu ahal izateko. Ondo daki, ordea, oraindik bide luzea dagoela egiteko.
Kaixo, Arkaitz Carracedo naiz, eta CIC BioGUNEn egiten dut lan Ikerbasque ikerltzaile moduan.
Nik Biologia ikasi nuen EHUn. Lehen zikloa hemen egin nuen, eta gero Madrilera aldatu nintzen, bigarren zikloa bukatu eta gero han tesia egitera.
Nik uste dut biologia dibertigarria iruditu zaidala betidanik, eta hori izan zen arrazoirik garrantzitsuena karrera aukeratzeko.
Normalean karrera bukatzear dagoenean, laborategi batean sartzen gara probatzeko ikerkuntza gustuko dugun, eta horrela egin nuen. Laborategi batean sartu nintzen, eta nire tesi-zuzendaria izango zena ezagutu nuen. Oso gustura nengoenez, tesia egiteko geratu nintzen, eta, bukatutakoan, nire neska-laguna eta biok erabaki genuen atzerrira joatea, Estatu Batuetara. Iaz bueltatu ginen.
Zorteak badauka horrelako eragin handi bat, zeren naiz eta lan gogorra egin eta erabaki onak hartu, zorteak erabakiko du hemen egotea edo Estatu Batuetan geratzea edo... Etekin bat ateratzea, azken finean.
Hau da gure laborategia, hemen pasatzen dugu denbora gehiena, eta hauek dira lan guztia egiten dutenak eta gure lana posible egiten dutenak. Hemen daukagu Veronica, ikasle posdoktorala; Natalia, ikasle posdoktorala hau ere. Hau da, tesia eginda daukate. Gero, Amaia eta Sonia laborategiko teknikariak dira, eta Patricia tesia egiten ari da nirekin.
Hemen, elikadura eta metabolismoa ikertzen ditugu, nola minbizi-zelulek eta zelula normalek elikadura-mota ezberdina daukaten, metabolismo-mota ezberdina duten, eta nola ezberdintasun horiek agertaraz ditzaketen terapia berrietarako molekulak.
Baina oraindik hasieran gaude. Zeren minbizia ez da beste gaixotasunak bezalakoa. Minbizia gaixotasun-talde bat da. Minbizi-mota bakoitza eta gaixo bakoitzak daukan minbizia era batekoa da, bakarra da, eta haren ezaugarri espezifikoak ezagutu behar ditugu. Horregatik, gaur egun hitz egiten da medikuntza pertsonalizatuari buruz. Hau da, minbizi-mota bakoitza sakon ezagutu eta horren aurkako terapiak erabili.
Hemen, gaur egun, gure lana ez da hainbeste baloratzen. Nik uste dut gauzak asko hobetu direla, baina oraindik bide handia dagoela egiteko, Estatu Batuekin konparatuz, esaterako. Arrazoi nagusia izango litzateke hemen egiten den inbertsioa eta ikertzaileen lan-egoera hobetu behar direla.
Ikerkuntzak inbertsio handia behar du, eta, azken batean, hori islatzen da jakintzan eta balio teknologiko eta sozialean, eta, gure arloan, osasunean ahalik eta gehien islatzen saiatzen gara.
Ematen dugun denbora gehiena argitalpen batean islatzen ez bada, beste bat ateratzen delako lehenago, edo, azken batean, esperimentuak ez direlako irteten, lan hori ez da inon agertzen. Orduan, egin izan ez balitz bezala izango litzateke. Horrek esan nahi du gure lan guztietatik bakarrik portzentaje txiki bat ikusten dela kanpoan, eta portzentaje hori da gure etekina, azken batean.
Gure lanaren alderik txarrena onenarekin erlazionatuta dago: lanean dugun askatasuna. Horrek esan gura du ezen zenbat eta lan gehiago egin orduan eta etekin handiagoa izateko probabilitatea izango dugula, eta zaila da deskonektatzea.
Alderik onena, nire ustez, kreatibitatea da, eta ideiak garatzeko askatasuna, lan hori poliki-poliki zure ideiekin garatzeko.