Elhuyar zientziaren komunikazioa

Saturnoko ekaitz erraldoia aurreratu egin da

2011/07/07 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hogeita bederatzi urte eta erditik behin, ekaitz erraldoi bat gertatzen da Saturnon. Erregulartasunez. Azken hau, ordea, espero baino bederatzi urte lehenago iritsi da. Horren gaineko lehenengo interpretazioa egin du nazioarteko talde batek, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko Agustín Sánchez Lavega irakaslearen zuzendaritzapean. Lan hori AEBko Nature aldizkari ospetsuaren azalean argitaratu dute.

Orban Zuri Handia izenez ezagutzen dute astronomoek eguzki-sistemako fenomeno meteorologiko bitxi hori. Alegia, Saturnon garatzen den ekaitz erraldoi hori. Lurraren tamainaren antzekoa du ekaitzak. 1990ean gertatu zen azkena, eta horrenbestez, 2020ra arte zientzialariek ez zuten beste bat espero. Haatik, 2010eko abenduan, Japoniako astronomo amateur batzuek ekaitz horren lehenengo arrastoei antzeman zieten, eta horrek guztiz harritu zituen zientzialariak, espero baino ia bederatzi urte lehenago agertu baitzen. "Gaur, ekaitza hasi eta sei hilabete baino gehiago pasa direnean, gune nagusiak aktibo jarraitzen du, ahulduta dagoen arren" dio Sánchez Lavegak.

Bi teoria daude fenomeno horren jatorria azaltzeko. Batzuen ustez, eguzki-argia da Saturnoko haizeen eragilea, eta, horren arabera, haizeak azalekoak izango lirateke. Beste batzuen ustez, berriz, Saturnotik irteten den barne-beroa da eragilea, eta haizeak, orduan, sakonak izango lirateke. Naturen argitaratutako ikerketaren arabera, ekaitza bera eta hark planeta mailan izan duen eragina ondoen simulatu duten ereduek diotenez, haizeak, itxuraz, sakon hedatzen dira ur-lainoetaraino, hau da, eguzkiaren argia iristen ez den lekuetaraino. "Horrek, egia bada, haizeen jatorria barne-beroa dela berretsiko luke" gehitu du Sánchez Lavegak.

Nolanahi ere, Saturnoko ekaitzek laguntzen dute ulertzen, neurri batean, Lurreko eskualde ekuatorial eta tropikaletan gertatzen diren ekaitzak edo "tanta hotza" deritzen fenomeno ezagunetan gertatzen diren mekanismo fisikoak.

Irudia: Nature

Eman zure botoa:
0.0 / 5 (0 bozka guztira)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.net

Eduki gehiago
DokuSare bidez

Edizioak

Quantum
Quantum
16,15€Erosi
Armand David, pandaren aita
Armand David, pandaren aita
17,10€Erosi

Elhuyar sarean

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila

Elhuyar.org-en menua

Bilaketa bat egin

[Bilaketa aurreratua]

CC BY-NC 2011 Elhuyar Fundazioa | Lege-oharra

webmaster@elhuyar.com

Estandarrak eta irisgarritasuna