Elhuyar zientziaren komunikazioa

In vitro haragia, laster platerean

2011/11/01 Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

in-vitro-haragia-laster-platerean

Ikertzaileen helburua ez da muskulu bat sortzea, muskulu-ehuna sortzea baizik, hanburgesak egiteko, adibidez. Arg. Elhuyar Fundazioa

Sei hilabete igarotzerako, lehen in vitro saltxitxa egitea lortuko dute. Arlo horretan aitzindari den Maasstricht Unibertsitateko fisiologo batek, Mark Postek, egin du aurreikuspen hori, Gothenburgen egin berri duten biltzar batean. Biltzarrean, in vitro haragia sortzeko azken lanak azaldu zituzten nazioarteko ikertzaileek, eta, haietako batzuek Postek esandakoa eszeptizismoz hartu bazuten ere, iragarpenak oihartzun handi samarra izan du komunikabideetan.

Mark Postek azaldu duenez, 2,5 zentimetro luze eta 0,7 zabal diren muskulu-zerrendak lortu dituzte, zerrien zelula amak hazita zaldi-fetuaren sueroarekin. Horretarako, lehenik, zelula amak hartzen dituzte zerrien muskuluetatik; eta, gero, laborategian hazten dituzte, hiru dimentsioko euskarri batean. Euskarria polimero biodegradagarri bat da, eta edozein itxura har dezake. Zelulak bi puntutara eutsita ezartzen dituzte, tentsioan haz daitezen, eta hazteko behar dituzten mantenugai guztiak ematen dizkiete.

Gainera, zelulei estimulu elektrikoak ere ematen dizkietela esan du Postek; hartara, uzkurtu egiten dira, eta tentsioan egote hutsarekin baino proteina gehiago sortzen dute. Dena dela, haien helburua ez da muskulu bat sortzea, odol-hodi eta guzti, baizik eta muskulu-ehuna, saltxitxak edo hanburgesak egiteko, adibidez.

Nolanahi ere, arazoak ere badituztela aitortu du ikertzaileak. Horietako bat da zerri-muskuluko zelula amek in vitro hazteko gaitasun mugatua dutela: 20-30 aldiz ugaldu ondoren, ahalmen hori galtzen dute. Horrenbestez, zerrien muskuluetatik zelula ama berriak erauztera behartuta daude. Horrez gain, metodoaren eraginkortasuna asko hobetu behar dute, ohiko haragia ekoiztea baino askoz garestiagoa baita in vitro sortzea.

Maasstricht Unibertsitateko ikertzaileen esanean, in vitro haragiak bi abantaila nagusi ditu haragi arruntarekin alderatuta: batetik, ez dela abererik hil behar -- pain-free meat ere deitzen diote, hau da, oinazerik gabeko haragia--, eta, bestetik, ohiko haztegiek baino energia gutxiago kontsumitzen duela eta hondakin gutxiago sortzen dituela.

Luze joko du merkaturatzerako, besteak beste, osasunerako segurua dela frogatu beharko dutelako; baina, iristen bada, azken hitza kontsumitzaileek dute. Eta dagoeneko azaldu dira frankstein-haragiaren aurkako iritziak.

Eman zure botoa:
5.0 / 5 (2 bozka guztira)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.net

Eduki gehiago
DokuSare bidez

Edizioak

Ia denaren historia labur bat
Ia denaren historia labur bat
16,15€Erosi
Euklides. Elementuak
Euklides. Elementuak
37,05€Erosi

Elhuyar sarean

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila

Elhuyar.org-en menua

Bilaketa bat egin

[Bilaketa aurreratua]

CC BY-NC 2011 Elhuyar Fundazioa | Lege-oharra

webmaster@elhuyar.com

Estandarrak eta irisgarritasuna